Orain dela 70 bat urte, 1948 eta 1952 urteen artean, Sociedad de Remo Plentzia sortu zen. Arraun taldea Jose Mari Ibargurengoitiak “Miseriñekoa” eta Juanito Egiak “Linber” eraiki eta zuzendu zuten hasiera batean, eta honen presidentea, garaiko Plentziako alkatea zena, Pepe Olano, izan zen. Garai honetako arraunlarien artean, Virgilio “Zierbanatoa”, Joaquin Norato “Capis”, Uribarri anaiak, Felix “Bidepes-ekoa” eta Zabala anaiak izan ziren, besteak beste. Patroi lanetan, “Txaparro” eta “Kabritas” aritu ziren.
Hurrengo urteetan, batelen arraun munduak geldialdia jasan zuen, behintzat estropada ofizialetan. Horren ondorioz, antzina bezala, estropada herrikoiak sortzen hasi ziren berriz ere, estropada ofizialek utzitako hutsunea betetzeko nahian. Estropada hauek, Uresarantza eta Portuko auzoetako herritarren artean izan ziren batik bat; azpimarra ditzakegu estropada horietan parte hartu zuten “Herri”, “El Rubio” eta “Atxirika”, besteak beste.
Orain dala 58 urte bat inguru, Plentziako portuko auzoan bizi ginen lagun batzuk, arraunean hasi ginen. Kirol hau berpizteko ahaleginetan, jarduera horretarako Plentziako portuko Eskabetxerian gordetako batel zaharrak erabili genituen. Uda iristen zenean, portuko gazteekin batera, udatiarrak era jarduten ziren arraunean. Kirol honek gurean berpizkundea jasan zuela ikusita, herriko Antolin Deunako jaietan estropada antolatu genuen, non Portuko zaharra eta Portuko gazteak taldekookin batera, beteranoen talde batzuk jardun ziren. Momentu hartan bertan konturatu ginen hasi zela arraun talde ofiziala sortzeko griña eta aukera, inguruko, batik bat, Nerbioi itsasadarreko arraun taldeekin lehiatzea ahalbidetuko zigunak. Hau izan zen Arkoteren hastapena.
Garai hartan arraun taldea sortze-lanetan aritu ginenok, garbi izan genuen luzarorako bizi nahi zuen arraun taldea ezin zela soilik Plentziako herritarrekin aritu. Gainera, Plentziako eta Gorlizko herriek historikoki izan dituzten tirabirak alde batera uzteko aukera ezinhobea zela ulertu genuen. Arestian aipatutako arrazoi hauengatik guztiengatik, inguruko herri guztiek haientzat jo zezaketen izena hautatu genuen: ARKOTE.
Arraun talde berri honen sorkuntza burutzea ez zen batere erraza izan, hainbat eragozpeni egin behar izan genien aurre. Traba hauen artean nagusiena, garai hartan Plentziako alkatea zen Jose Vaqueroren aldetik iritsi zitzaigun; izan ere, kosta ala kosta erregimen frankistaren Gaztedi Frontean sartu izan nahi gintuen. Baina, Javier Muruak eta Txetxu Laraudogoitiak eginiko lan tinko eta nekaezinari esker, Falangearen erakundean sartu gabe Arkote arraun taldea sortzea lortu genuen.
Arkote arraun taldearen izena, harrikote hitzetik dator. Honen jatorria, Plentziako itsasadarrean dagoen olatu-hormaren oinarrian dauden harri-pilaketa dugu (honen inguruan gehiago jakiteko, bisitatu ondoko webgunea). Hau, Barrikako udalaren eremuaren baitan dago, Plentzia eta Gorlizko hondartzak aurrez-aurre dituelarik. Inguruko hiru herriekin harremana izateak eta, lehen aldiz Plentziako koloreak ez ziren beltza eta horiaren erabilerak, Arkote Plentziakoa ez ezik, zonaldekoa arraun taldea izatea ahalbidetu zuen.
Gure historiaren hasierari atzera begirada bota ezkero, garai hartan jarritako helburua lortu dugula argi dago, behintzat arraunlariei dagokienez, Arkote inguruko herri guztietako arraunlariek osatzen dutelako. Elkartasun hau guztiz burutzeko, azken pausua falta zaigu: inguruko instituzioen babesa jasotzea, alegia, Gorliz, Barrika… eta Uribe-Kosta mankomunitatearen beraren babesa jasotzea, gaur egun Plentziako udalaren babesa jasotzen baitugu soilik.
Lehiaketa ibilbidea bateletan hasi genuen, gazteen mailan alegia, arrakasta handiarekin zenbait estropada irabaztea lortuz. Beranduxeago trainerilletan hasi ginen lehian, eta azkenik traineruan.
Arraun talde honen historian zehar hainbat familia-kide aritu dira gurean, presidenteak, zuzendaritzako kideak, laguntzaileak, bazkiedak eta arraunlarien kopuru zerrendaezina. Batzuk besteak baino arrakasta handiagoz aritu diren arren, guztiok egin dugu “arraun noranzko berdinera”, eta lan horren ondorioa dugu ARKOTE gaur dagoen lekuan egotea.
Nork pentsatuko zukeen herriko gazte batzuek sortutako ARKOTE hura traineruen goren mailan aritu, eta Kontxako ohorezko txandan jardungo zenik urte batzuk beranduago? Inork espero ez zuena, lortu zen 2005ean.
Bukatzeko:
Berebizikoa deritzot, minutuko isilune baten bidez, arraun talde honen alde lan egin duten hildako guztiak gogoratzea eta oroitzea; zaletu, arraunlari, prestatzaile, zuzendaritzako kide… baina batik bat, hainbat une korapilatsu eta beste zenbait pozgarri biziarazi egin zizkidan, eta gure lehen presidentea izan zen Javier Murua oroitu nahiko nuke.
GORA ARKOTE!!
Txetxu Laraudogoitiak idatzia* 2019an.
* Jatorrizko testua gazteleraz idatzi zen, honako hau haren itzulpena da.
2022ko abuztuaren 19an José María Laraudogoitia Garayk "Txetxu"k utzi gintuen, 82 urte zituela. Arkote Arraun Taldeko bi sortzaileen artean bizirik zegoen bakarrak, Txetxuk, idatzi zuen webguneko atal hau. Arraun taldearen sorreran egindako lana eskertzeko, eta urteetan zehar Arkoterekin izan duen begirunea gogoan izateko, 2024an Arkotek erositako batel berriari bere izena eman zion: TXETXU; urte batzuk lehenago Arkoteren beste sortzailearekin, Javi Muruarekin, egin zen bezala.
Alboan agertzen direnak, batelaren izendatze egunaren irudiak dira.